Maker filosofia oinarri hartuta, euskara hutsean izango den tutorialen ataria da Egingarriak.eus. Ikus-entzunezkoen nahiz pausoz-pausoko urratsen bidez emandako azalpenekin, edozein motatako lanak aurkitu daitezke bertan.

Internet eskura duen edonork bilatu izan du Youtuben zerbait egiteko bideoren bat: pastel bat egiteko jarraibideak, haurrentzako esku-lanak, teknologia arloko muntaiak, arropa josten ikasteko eman beharreko pausuak edo instrumentu bat jotzeko ereduak, besteak beste. Edukiok, ordea, gaztelaniaz edo ingelesez izan ohi dira. Ezer gutxi aurkitu daiteke euskaraz, nahiz eta euskal sortzaileak egon sarean.

Egingarriak.eus webgunearen helburua hainbestetan ikusten ditugun tutorialok euskara hutsean eskaintzea da, baita berau hornituko duten sortzaileei euskarri fidagarri bat eskaintzea ere. Izan ere, erabiltzaileak izango dira webguneko edukiez arduratuko direnak. Sorkuntza prozesua grabatu edo pausoz-pauso erregistratu baino ez dute egin beharko horretarako.

Edozein gairekin lotutako bideoak egiten dituen sortzaileak erregistratu daitezke, inongo kosturik eta konpromezu gabe.  Tokian toki garatzen diren proiektuek oihartzuna izatea da beste xedeetako bat. Horretarako, ezagutza kolektiboaren aldeko apustua egin dute webgunearen garatzaileek, Euskal Herri osoa barne-biltzen duen mapa interaktiboa gehituz atarian. Hala, Basaurin egindako eskulan baten berri izan dezake Lizarrako erabiltzaile batek. 

Creative Commons lizentzia du Egingarriak.eus webguneak, askatasun osoa emanez erabiltzaile nahiz kontsumitzaileei. Hau da, modu librean erabili ahalko dira edukiak, beti ere egilea aitortzen bada.